Domeinu-Izena:

Zer da Webartxiboa.eus?

Zer da?

Webartxiboa.eus euskal web artxiboa atzeman, zaindu eta zabaltzeko ekimena da. Ekimen hau Interneteko .EUS guneen liburutegi digitala eraikitzen ari da webguneek izandako aldaketak jaso, gorde eta eskuragarri jartzeko. Horrela, erabiltzaileek .EUS webgune batek data jakin batean eskaintzen zuen itxura eta edukia kontsultatzeko aukera izango dute aurrerantzean.

Web artxiboen hainbat adibide badira nazioartean; hau, ordea, .EUS domeinu-izenetan oinarritutako lehen egitasmoa da.

Zer egiten du?

Webartxiboa.eus-ek .EUS webgune guztiak deskargatu, sailkatu eta erabiltzaileen eskura jartzen ditu, etorkizunean webgune horrek deskargatua izan zenean zeukan itxura ikusteko aukera izan dezaten. Webgune bakoitza maiztasun finko batekin atzituko du web artxiboaren crawlerrak eta horrela webgune beraren kopia ezberdinak egongo dira eskuragai. Erabiltzaileek horrela webgune beraren bertsio ezberdinen artean aukeratu ahalko dute, interesatzen zaien datan sakatuta. Data horietako batean sakatzean bilatutako webgunearen kopia bistaratuko da, data horretan zeukan itxura eta edukiarekin.

Tresna honen bitartez interesa duen orok edozein .EUS webguneren eboluzio historikoa ikusteko aukera izango du. Artxibo digitala oso tresna baliagarria da ikerketa lanak egiteko, baina baita edozein erabiltzaileren jakinmina asetzeko ere.

Nola funtzionatzen du?

Web artxiboa Heritrix deituriko tresnan oinarrituta dago. Tresna horrek webgune zerrenda bisitatu eta webgune horretan topatzen duen orrialde bakoitza ireki eta deskargatzen du, .warc formatuko fitxategiak baliatuz. .warc fitxategi batean webgune ezberdinen orrialde ezberdinen informazioa gordeko du Heritrix-ek. Heritrix baliatuta .EUS domeinu-izen bat duten webgune guztiak atzituko dira, bere edukia artxibatuz, eta prozesu hori denboran zehar errepikatuko da, webgune beraren kopia ezberdinak lortzeko asmoz.

Heritrix bidez bildutako informazio hori da .EUS web artxiboaren bitartez erakutsiko dena, OpenWayback tresna erabilita. Web artxiboan edozein .EUS domeinu-izen bilatu (baita gaur egun sarean ez dauden domeinu-izenak ere) eta webgune horren hainbat bertsio eskainiko zaizkizu.